Urriaren 29an, igandean IX. LAUTADA EGUNA ospatu zen Burgelun, "Lautadaren Taupada" Landa Garapenerako VI. Astearen barruan.
Eskualdeko topaketa egun hau ohi bezala hasi zen Arabako Lautadako hainbat jardueratako ekoizleen, artisauen eta zabalkunde-postuen merkatuaren inaugurazioarekin, 24 pertsona edo erakunde desberdinen parte hartzearekin.
Lau tailerrez gozatzeko aukera izan zen, Garaionen eskutik zumearen tailerrak, Argia Emakumeen Elkarteak emandako esponjaboi tailerra, txikienek “Hasten eta jolasten”eko Estiren laguntzaz janariak prestatu zituzten eta Sandrak etengabe ekin zion aurpegiak margotzeko tailerrean.
Lautadako bost abesbatzen topaketa egin zen eta ondoren,Lautadako hiru musika eskoletako triki kalegira batek kiroldegira arteko bidea egin zuen, 15-20 lagunez osatua eta Burgeluko buruhandiekin batera.
Eguneko azken ekitaldi gisa, Ane Gebarak bisita antzeztua egin zuen kiroldegiaren aurrean dagoen baratze ekologiko didaktikora.