Eusko Legebiltzarrak Landa Garapenari buruzko 2022ko ekainaren 30eko 7/2022 Legea onartu zuen. Lege honen xedea da euskal landa ingurunearen garapen jasangarrirako jarduketak orientatuko dituen arau esparrua antolatu eta ezartzea, herrialdearen garapen eta kohesiorako, ekonomiari, gizarteari eta lurraldeari dagokienez. Horretarako, ezinbestekoa izango da nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jarduerak kontuan hartzea. Jarduera horiek sustatzea, landa-eremuko biztanleria eta lurraldea mantentzeko eta garatzeko oinarrizko tresna izango da.
Lege honen xederako, honela ulertzen da Landa-garapena, landa-eremuetan aplikatutako lurralde-garapeneko prozesua, honako xede hau duena: euskal landa-ingurunearen jasangarritasuna eta funtzio-aniztasuna zaintzea, biztanleen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea eta EAEren ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa bideratzea.
Landa Garapeneko Legearen helburu estrategikoak honako hauek dira:
- EAEko landa-eremua sustatzea eta babestea, bereziki nekazaritza-jarduerak eta mendi-eremuek hartzen dutena, EAEko lurraldea egituratzen duen eta bertako paisaia adierazgarriena eratzen duen funtsezko elementua baita.
- EAEko landa-eremuetan jarduera ekonomikoa sustatzeko eta dibertsifikatzeko beharrezkoa den erakundeen arteko koordinazioa bermatzea, herrialdeko ekonomia iraunkorra garatzen eta eremu horietan biztanleria eta zerbitzuak finkatzen laguntzeko, betiere lehen sektorearen jarduera errespetatuz, landa-eremuan funtsezkoa baita.
- EAEko landa-biztanleriaren ongizate-maila eta hirietako biztanle pobreen ongizate-maila berdintzea, eta landa-inguruneko despopulazioa eta zahartzea lehengoratzea, Euskadiren gizarte- eta lurralde-kohesiorako funtsezko faktore gisa.
Helburu horiek NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuekin eta klima-aldaketari aurre egiteko 2015eko Parisko Akordioarekin bat etorriz bultzatuko dira.